Zenbat irabazten du nire herriko alkateak?

2012/02/03
Nork

Alkate guztien soldatak publikoak diren arren, horien gaineko zalantzak dituzte herritarrek. Oarso Bidasoan, soldaten
kontuan, aldea dago herritik herrira: gutxien irabazten duena Pasaiako alkatea da, eta gehien, Hondarribikoa.

Urko Etxebeste

|isabel mancebo balda|

“Zenbat kobratzen du nire herriko alkateak?”. Galdera hori egiten dute askok. Egia da herri guztietako alkateen soldatak publikoak direla, horiek zehazteko udalbatzarretan hartzen diren erabakiak publiko egiten dituztelako, salbuespenik gabe. Baina informazio horretara, maiz, ezin dute iritsi herritarrek, eta Alkateak bezala irabaziko banu bezalako esaldiak, zenbat euro irabazten dituen jakin gabe, maiz errepikatzen dira.

Esan beharra dago Eudelen barruan dauden udalek Udalhitz izeneko hitzarmenaren barruko soldatak kobratzen dituztela, alkateei dagozkienak eta zinegotzi liberatuei dagozkienak. Baina udaletik udalera hori aldatzen da, dituzten beharren eta premien arabera. Azken batean, udal bakoitzeko ordezkariek erabakitzen dute alkateen eta zinegotzi liberatuen soldata zein den. Hala, BOGA-k bildu dituen datuen arabera, Oarso Bidasoan alkate karguagatik gehien irabazten duena Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea da. Gutxien, ordea, Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak jasotzen du: lehenak bigarrenaren soldata bikoizten du. Gainontzeko alkateak biek jasotzen dutenaren tarte horretan dabiltza. Ondoko koadroan daude datuak.
Liberazioa duten zinegotzien artean ere kasuistika handia da. Badira egun osoko zinegotzi liberatuak, eta partzialak. Hori nola egin udal bakoitzeko gobernu taldeak erabakitzen du, Udalbatzaren oniritziarekin. Gainera, bai alkateek bai zinegotziek, herrietan bete behar dituzten karguez gain, udaletik haragoko hainbat elkarte eta erakundetan parte hartzen dute, eta horren araberako dietak eta ordainsariak jasotzen dituzte. Horiek nola kudeatu ere alderdi politiko bakoitzak erabakitzen du.

Udal bakoitzeko talde politiko bakoitzari, hilabetero, diru kopuru bat dagokio. Plenoetara joateagatik dietak jasotzeko aukera dute, udalen barruko nahiz kanpoko batzordeetara joateagatik bezala.

Alkateen soldatak herriz herri

 

  • Pasaia. Amaia Agirregabiria alkateak (Bildu), zergarik kendu gabe (gordinean), 33.897 euro jasotzen ditu urtean. Oposizioko zinegotzi liberatuek soldata berbera jasotzen dute.

 

  • Lezo. Ainhoa Zabalo alkateak (Bildu) 59.227 euro kobratzen ditu (gordinean) urteko.

 

  • Oiartzun. Aiora Perez de San Roman alkateak (Bildu) 41.750 euro (gordinean) jasotzen ditu urteko.

 

  • Errenteria. Julen Mendoza alkateak (Bildu) 48.988 euro kobratzen ditu, gordin, urteko.

 

  • Irun. Jose Antonio Santano (PSE-EE) alkateak 59.597 euro kobratzen ditu, gordin, urteko.
  • Hondarribia. Aitor Kerejeta alkateak (EAJ) 70.367 euro kobratzen ditu, gordin, urteko.

 

Amaia Agirregabiria Pasaiako alkatea: “Oinarrizko printzipio bat da gardentasuna”

Agintera iritsi eta hilabete gutxira alkatearen, gobernu taldeko zinegotzien, eta beste zinegotzien soldaten berri eman zuen Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak bando bidez. Hori oposizioaren eskariz egin zuela aitortu du Agirregabiriak, baina udalaren soldatapeko bakoitzak zein lan egiten duen, eta zein ardura dituen jakinarazteko baliagarri izan zela uste du. Nola ez, soldaten gaineko bando horrek zeresana eman zuen Pasaian, horrelako zerbait egiten zen lehen aldia zelako. Hala ere. modu positiboan baloratu du neurria alkateak.

Bando bidez jakinarazi zenieten pasaitarrei alkatearen eta bestelako zinegotzi liberatuen soldatak zeintzuk diren. Zergatik?
PSE-EEren bozeramaileak hala eskatuta egin genuen. Oraindik benetako arrazoia zein izan zen jakin gabe, uste dugu gobernu taldeko kide liberatuen soldata oso handia zela uste zuela, eta agerian utzi nahi horrek oposizioko liberatuen burua agerian utzi zuen. Hala ere, herritarrei zor zaien informazioa dela uste dugu.

Erreakzioak sortu zituen horrek herrian. Zuek zein pertzepzio duzue erreakzio horien gainean? Eta beste talde politikoetako ordezkariek zein iritzi eman dute?
Egia esan, herritarrek neurria sorpresa handiz hartu zutela iruditzen zait, batez ere alkatearen soldatari dagokion datua. Pentsa, nire soldatak handiagoa izan beharko lukeela esan didate kalean! Bestetik, harridura handia ardurei dagokionez. Oposizioko zinegotzi liberatuek ardurarik izan gabe soldata bat kobratzen dute, ardura pila dituzten eta gainera beste lan bati erantzun behar dioten gure zinegotzien kasuan ez bezala.

Beste talde politikoei dagokienez, egia esan, ez diet inolako erreakziorik sumatu.

Gardentasunaz hitz egiten dute asko politikoek. Zein punturaino izan behar dute garden?
Oinarrizko printzipio bat da gardentasuna, bere osotasunean, ez dago gardentasun mailarik. Edo gardenak gara, edo ez. Ezin dugu gauzak ezkutatzen ibili, erantzukizun kontua da.

Herrietako alkateek edo zinegotziek egiten duten lana ondo baloratua dagoela uste al duzu?
Hori nik esatea ez legoke ondo. Erantzukizun handia dugu eta lan gogorra da, batez ere Pasaian. Orokorrean, azterketa bat bezala ulertzen ditut nik lau urte hauek, emaitzak eman behar dizkiegu herritarrei, horretarako bozkatu gaituzte. Lan gogorra egin behar dugu eta horrek emaitzak emango ditu. Herritarrek baloratuko dituzte fruituak.

Etiketak: , , ,

Orriak 1 2

Berriketan.info

Viewing item 1 to 2 (of 2 items)

RSS Oarso Bidasoko Hitza

  • Alabergako sarbidea moztuta egongo da Aste Santua eta gero 2014/04/15
    Hilaren 22tik aurrera, Alabergako sarbidean lanak egiten hasiko dira. Horiek etorkizunean oinezkoen bide egiteko helburuarekin abiatuko dituzte. Horretarako, Nafarroa biribilgunetik Alaberga auzorako sarbidea aldatu behar dute, eta hilaren 23, 24 eta 25ean, sarrera eta irteera trafikoarentzako itxita egongo direla jakinarazi du Udaltzaingoak. Bide alternatib […]
    Errenteriako Hitza
  • Irungo Udalak eta EH Bilduk Mariñoren emakumeen taldea zoriondu dute 2014/04/15
    Euskal Ligatik Espainiako Bigarren Mailarako jauzia egin du Mariño Kirol Elkartearen emakumeen taldeak. Sasoi oso ona egin dute, eta liga bukatu baino bi jardunaldi lehenagotik eskuratu zuten igoera. Horren harira, zorion mezuak jasotzen hasi zira, horien artean udalarenak nahiz EH Bildurenak. Jose Antonio Santano alkateak pozarren hitz egin du Mariñoko nesk […]
    Irungo Hitza