Betiko produkzioa, salmenta berria

2012/02/17
Nork

Urtarrilaren 26tik martxan dago esneki makina Niessen merkataritza zentroaren atarian.Hasiera arrakastatsua izan du, eta egunean hiru eta lau aldiz ere joan behar izan dute ekoizleek makina betetzera. Orain normalizatu egin da.

Aizpea Amas /Errenteria-Orereta

Esneki makinaren ilustrazioa

|isabel mancebo balda|

Esne makinatik esneki ekologikodun makinetara. Baserritarrek ate berriak ireki behar izan dituzte etekinak ateratzeko, eta makinak alternatiba  bihurtu dira. Urtarrilaren 26an ireki zuten Gipuzkoako bigarren esneki ekologikodun makina Errenteria-Oreretako Niessen merkataritza zentroaren atarian, esne makinaren ondoan. Aste batzuk baino ez dituzte makinarekin egin, baina, behintzat, ibilbidea hanka onarekin hasi dutela esan daiteke: “Oso ondo hasi gara. Baina hasiera ez zen normala, hiru eta batzuetan lau aldiz ere etortzen ginen makina betetzera”, adierazi du Ramon Mugertza Hernaniko Telleri-Zahar baserriko ekoizleak.

Orain, ekoizleen arabera, hotzak eraginda, murriztu egin da kopurua, baina ondo jarraitzen dute. Gehien saltzen dituzten produktuak jogurt handiak dira, eta ardi gazta eta esneak ere arrakasta dutela jakinarazi dute ekoizleek.

Mugertzak ekologikoki zaindutako ardien esnearekin egindako produktuak jarri ditu makinan, eta behi esne ekologikoarekin egindako beste produktuak Altzoko beste ekoizle batenak dira.

Mugertzak ekoizpen bide ekologikoaren alde egin du. Horretarako, zelaiak ongarri kimikorik eta inolako tratamendurik gabe zaintzen ditu, eta animaliak ongi zainduz. “Orain dela 40 urte egiten zen moduan: lurra zaindu, lurra ongarritu, abonu naturalarekin eta abonu kimikorik gabe, ardiei hormonarik jarri gabe… Behin Nafarroako ukuilu batera joan ginen, eta goizean eta arratsaldean oxitozina indizioak jartzen zizkieten ardiei esne gehiago produzitzeko. Eurek esaten zuten ‘edo etekina ematen du da edo hau itxi egiten da’. Nik erantzun nien ondorioak gu ari garela jaten”.

Makinarekin hasi aurretik Mugertzak denda, harategietan eta gehienbat kooperatiba ekologikoetan saltzen zituen berak egindako produktuak. Oraindik ere jarraitzen du horietara eramaten, baina makina asko eskertzen du: “Harremana askoz zuzenagoa da eroslearekin”.

Prezioari dagokionez ere, baserritarrak dendan baino zertxobait etekin gehiago ateratzen duela azaldu du, eta bezeroak, berriz, dezente merkeago eros ditzakeela produktuak: “Denda batzuetan, ardi esnearen prezioa, adibidez, ia bikoiztu egiten didate. Hori nola salduko da?”.

Hobekuntzak eta erronkak
Ibilbidea ongi hasi duten arren, dagoeneko ikusi dituzte trabak ere ekoizleek, eta horietako bat kristalezko potoei irtenbide bat bilatzea da: “Jendeak horiek berrerabiltzeko eskatu digu. Eta egia da. Ontziak botatzeak pena ematen du. Ahalik eta azkarren eman nahi diogu irtenbide bat horri, urgentziaz. Nahi duguna da jendeak behin potoa edukiontzian sartuta berriro eskua sartzeko aukerarik ez izatea. Oraingoz, ordea, ez dugu sistema egokirik topatu”.

Makina bera ere hobetu nahi dute. Eredua patata poltsak egiten dituzten makinen berbera da, “baina hamabost patata frijitu poltsei bultza egitea edo 15 litrori ezberdina da”. Programa bat ere prestatzen ari dira, eta etxetik zenbat produktu saldu dituzten jakin ahal izango dute. Horrela, errazagoa izango zaie kontuak eramatea eta makina noiz bete behar duten jakitea.

Azkenik, produktu berriak ere jarriko dituzte. Eskaera gehien ardi esneaz egindako jogurtak izan du. Inaugurazio egunean probatzeko jarri zuten, jendeari gustatu zitzaion.

Eta hirugarren makina bat jartzea ere aztertzen ari dira ekoizleak. Donostia izan daiteke hurrengo  helburua, baina oraindik urrunekoa: “Jarri nahi dugu, baina oraindik ez daukagu presarik. Ikusi behar da makinak nola doazen”.

Produktuak eta prezioak
Behi gazta (1/4): 3,6 euro.
Behi gazta (1/2): 7 euro.
Ardi gazta: 7,50.
Jogurta (400 gramo): 1,60 euro.
Jogurta (130 gramo): 0,65 euro.
Ardi esne gordina: 2,85 euro.
Gatzagia: 3 euro.

Etiketak: , , ,

Berriketan.info

Viewing item 1 to 2 (of 2 items)

RSS Oarso Bidasoko Hitza

  • Alabergako sarbidea moztuta egongo da Aste Santua eta gero 2014/04/15
    Hilaren 22tik aurrera, Alabergako sarbidean lanak egiten hasiko dira. Horiek etorkizunean oinezkoen bide egiteko helburuarekin abiatuko dituzte. Horretarako, Nafarroa biribilgunetik Alaberga auzorako sarbidea aldatu behar dute, eta hilaren 23, 24 eta 25ean, sarrera eta irteera trafikoarentzako itxita egongo direla jakinarazi du Udaltzaingoak. Bide alternatib […]
    Errenteriako Hitza
  • Irungo Udalak eta EH Bilduk Mariñoren emakumeen taldea zoriondu dute 2014/04/15
    Euskal Ligatik Espainiako Bigarren Mailarako jauzia egin du Mariño Kirol Elkartearen emakumeen taldeak. Sasoi oso ona egin dute, eta liga bukatu baino bi jardunaldi lehenagotik eskuratu zuten igoera. Horren harira, zorion mezuak jasotzen hasi zira, horien artean udalarenak nahiz EH Bildurenak. Jose Antonio Santano alkateak pozarren hitz egin du Mariñoko nesk […]
    Irungo Hitza