Langabe kopuruak gora egiten du egunero, eta askok sarera jotzen dute lan aukera bila. Lan horretan laguntzeko aukera bat da LinkedIn, profil profesionalentzako sare soziala. Harremanak eta kontaktuak sortzeko balio du.
LinkedInen norberak bere curriculuma sor dezake. Sareko curriculuma da. Sarean egonik, etengabe eguneratu dezake erabiltzaileak. Horrez gain, pribatutasun arau zehatzak eta zorrotzak ditu LinkedInek, eta harremanetan jartzen direnek, bi aldeek, onartu behar dute bestea.
Zertarako balio du? Adituak, ideiak eta aukerak bilatzeko: enpresak, lanak, norbait gomendatzeko, norbaitek zu gomendatzeko…
Ezagutza mantendu eta elkarbanatzeko ere balio du: interes taldeetan parte hartzeko, galderak egin eta erantzuteko, edukiak publikatzeko… Eta laneko edo sektore berdineko kideekin harremanetan egoteko. Laburbilduz, LinkedInen helburua, erabiltzaileek kontaktu agenda osatua edukitzea da.
Nola erabili
www.linkedin.com helbidean sartu eta izena eman: izen-abizenak, esperientzia profesionala… Profil profesionala sortzea eta ondo betetzea garrantzitsua da.
Zure kontaktuen sarea sortu eta zabaldu. Hainbat aukera daude horretarako: helbide elektronikoan dituzunak eta LinkedInen daudenak kontaktatu, lanekoak bilatu, unibertsitatekoak, intereseko enpresetakoak, profil profesional antzekoa dutenak…
Lana bilatu eta topatzea da sarearen helburu nagusienetakoa. Horretarako lanpostu bilatzailea du, eta enpresek euren eskaintzak plazara ditzakete.
Horrez gain, erabiltzaileek interes taldeetan parte har dezakete. Hainbat talde daude sortuta, eta norberak bere interesen arabera parte har dezake horietan. Horrez gain, interes talde berriak ere sor daitezke. Albisteak konpartitu daitezke, edota dagoeneko badaudenak komentatu ere bai.
Interes talde batean baino gehiagotan sartzen direnek, iruzkinak helbide elektronikoan jaso ditzakete, talde bakoitzean sartzen egon gabe ere.
Pare bat gomendio
LinkedIn sarea erabiltzerakoan, gutxienez bi kontu aintzat hartu behar dira.
Batetik, aktiboa izan behar da, sarea erabili, eta norberaren interesen araberako kontaktu sarea sortu. Twitterren eta Facebooken askok lagun guztiak onartzen dituzte, baina hori ez da LinkedInen filosofia.
Bestetik, LinkedIn profila ondo osatu, eta Google bezalako bilatzaileei topa dezaten erraztu.
Enpresarean, lan harremanen taldea
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen eta Bitarlan EM entitateen ekimena da. Euskaraz lan egin nahi duten enpresentzako eta langileentzako Facebookeko taldea da.
Enpresen eta langileen arteko harremanak sustatzen ditu, bezeroak eta hornitzaileak ezagutzeko balio du, esperientziak eta jakintza elkartrukatzeko…
Parobook: langabeen sarea
Facebooken antzeko itxura dauka, baina gorria da eta langabetuen sarea da: www.parobook.com.
Lanik gabe dagoen jendea harremanetan jartzeko, lana bilatzeko eta enpresekin harremanetan jartzeko sortu zuten Espainiako Estatuko langabe batzuek, eta egoerak okerrera egin ahala, gero eta erabiltzaile gehiago ditu.
Lana bilatzeko hainbat helbide
- Iragarki laburrak: www.iragarkilaburrak.com.
- Oarso Bidasoko iragarki laburrak: www.oarsoaldekohitza.iragarkilaburrak.com.
- Lanbide: www.lanbide.net.
- Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa: www.sepe.es.
- Lan bila: www.kaixo.com/lanbila.
- Bilalan: bilalan.net.
- Infoempleo: www.infoempleo.com.
- Infojobs: www.infojobs.net.
- Segunda Mano: www.segundamano.es.
- Trabajos: www.trabajos.com.
- Monster: www.monster.es.













