XVI. mendeko Errenteria

2012/03/30
Nork
Torrekuatik Zubiaurrera joan daiteke, Erdi Aroko harresiaren bidea jarraituz. |aizpea amas|

|aizpea amas|

Zaila da irudikatzea XVI. mendeko Errenteria-Orereta nolakoa zen. Zazpi kale zituen, harresiz inguratuta, eta itsas portua zuen. Gauza asko aldatu dira, eta beste batzuk ia ez. Erdi Aroko Errenteria ezagutzeko ibilbidea da honakoa.

Asier Perez-Karkamo / Errenteria-Orereta

Errenteria 1320. urtean izendatu zuten hiribildu, Orereta herrixka zegoen tokian. Berez, Villanuena de Oiarso izena jarri zioten, baina erregeari errenta ordaindu behar zionez, Errenteria esaten zioten, eta hala ageri da ia XIV. mende bukaerako hainbat idatzitan. Ohiko hiribildu baten irudira eraiki zuten, Kantauri itsasoaren ur gaziak eta Oiartzun ibaiaren ur gezak nahasten ziren lekuan. Harresien barruan, hiru zain nagusi zituen, beste kale batek ipar-mendebaldetik hegoaldera perpendikularki mozten zituenak, kale nagusi bakoitza bitan banatuz; zazpi kale zituen, hortaz; Kapitanenenea, Andramari eta Santxoenea kaleak alde batean, Madalen kalea erdian, eta Beheko, Erdiko eta Goiko kaleak beste aldean. Eta harresitik kanpora itsas portua zuen hegoaldean, Santxoenea kaleko etxeen bizkarretik Madalen ermitaraino zihoana.

Gaur egun ez da erraza Errenteria hura imajinatzea, marrazkietan ez bada. Erdi Aroko Errenteria-Orereta bisitatzeko proposamena da honakoa, gaurdaino gorde diren eraikinak ibilbide batekin lotuz. Zenbait lekutan gelditu beharko du ibiltariak, garai bateko monumentuak begi zabalekin begiratzeko; beste zati batzuetan irudimena erabiliko du, falta direnak irudikatzeko.

EuskoTrenen geltokitik oso gertu hasiko da ibilbidea, Maria Lezo kalean, Madalenaren ermitan. 1541. urtean altxatu zuten. Gipuzkoa eta Nafarroako legenardunen ospitalea —Madalena legenar gaixoen zaindaria da— egon zen leku berean eraiki zuten ermita, eta horregatik zegoen harresitik kanpo.

Errenteria, ibilbideko mapa

Ibilbideko mapa

Madalen kaletik jarraitu, Madalena errabala izan zenetik. Eskuinean gaixoen txabolak imajinatu behar dira, eta ezkerrean, portua; haraino iristen zen itsaso urdina eta horregatik sortu zuten Errenteria XIV. gizaldian, itsas portu izateko. XVII. mendean frantsesek Madalena errabala erre zuten, eta ordutik asko aldatu da, baina jatorri gotikoa duten eraikin batzuek badiraute, Xenpelar bertsolari zenaren etxea haien artean, egun erakusketa areto dena.
Hiribilduaren sorreran bi sarrera nagusi zituen Oreretak, Frantziakoa eta Nafarroakoa, baina bazuen hirugarren bat ere hegoaldean,  irudimenarekin zeharkatuko duena bisitariak, Mikelazuloraino. Elizaren azpitik igarotzeko tunela da Mikelazulo. Biztanleriaren hazkundeak behartuta, Jasokundeko eliza hainbat aldiz handitu behar izan zuten, Madalen karrika eta Goiko kalea lotzen zituen tartea mozteraino. Nafarroako atera joateko ezinbestean igaro behar zen Mikelazulotik, Erdi Aroko trazatuan ez baitzeuden egun existitzen diren kantoiak.

Zazpi kaleetan barrena
Hirigune historikoko jatorrizko trazatua osatzen zuten zazpi kaleetako bat da Goiko kalea, izenak dioen bezala, hiribilduaren goialdean zegoena. Horregatik bakarrik merezi du bertan erritmoa mantsotzea, duen historiagatik, baina baita hasieratik bukaerara xarma duelako ere. Goiko kaleko lehen geldialdia Koldo Mitxelenaren oroit harriaren parean izango da, hizkuntzalaria jaio zen etxean jarri zutena.

Erdi Aroko ezaugarriak hoberen gorde dituen kalea da; bukaeran bi dorretxe daude, Morrontxo eta Torrekua, Nafarroako atea gordetzen zutenak. Morrontxo XV-XVI. mendeen artean eraikitako dorrea da. Juan Olazabal kapitaina izan zen Morrontxoren jabea, XVI. mende bukaeran Oreretako alkatea izan zena. Goiko kaletik du sarrera, dobela handiak dituen arku zorrotzeko atari batetik. Fatxada hori harlanduzkoa da, eta gainontzekoak kareharrizkoak. Zenbait modilioi gorde ditu, mendebaldeko aurrealdean ez beste hiruetan. Eraiki zutenean almenaz erabat inguratuta zegoen, eta horren arrastoak dira ipar-ekialdean azaleratzen diren bost harriak eta, noski, mendebaldera ematen duen dorre almenatua.

Hainbat lekutatik ikus daiteke eliza. |a. amas|

Hainbat lekutatik ikus daiteke eliza. |a. amas|

Eta Torrekua (edo Torrea eta Urdinso, edo Irionea) da Nafarroako atea zaintzeko eraikitako beste dorrea, XV. mendekoa. Barrutik bitan banatuta dago, eta kanpotik ere antzematen da hori. Zati batean etxebizitzak daude, eta kanpoko itxura ez da ona. Beste zatia duela urte gutxi zaharberritu zuten.

Ibilbidean aurrera egiteko beheranzko bidea hartu, Orereta kaletik, Erdiko kaleraino. Erdi Aroko harresiak egiten zuen bide berbera da, Morrontxo eta Zubiaurre dorretxeak lotzen baitzituen murruak. Zazpi kale historikoetako beste bat da Erdiko kalea. Herriko Plazatik Zubiaurre jauregira doana, edo Zubiaurre jauregitik Herriko Plazara, aukeran.
Jauregia da Zubiaurre, baina dorretxea izan zen, Frantziako atearen zaindaria. Antia Enea bezala ezaguna da. 1638. urtean su eman zioten, eta ondoren berreraiki egin zuten, estilo errenazentistari jarraituz. Egungo etxebizitzaren terraza egiteko harresiaren zati bat probestu zuten. Armarriei ere kasu egitea ezinbestekoa da.

Eguzkia maite ez duen kalea da Erdiko kalea; ia udara arte ez baitie haren izpiei sartzeko baimenik ematen. Karrika iluna da, hotza, baina ederra. Bidean Erdi Aroko arkitektura mantendu duten hainbat eraikin dotore topa daitezke, aurrealde eder, zurezko bilbadura, balkoi handi eta teilatu-hegal bikainekin.

Itsas kapitainaren kalea
Herriko Plazara iritsiko da ibiltaria, baina han ez orain gelditu, ibilbidearen amaieran baizik. Kapitainenea kaletik jarraituko dugu, Kapitain etxeraino. Hiriaren sorrerarekin harreman zuzena duen etxea da, Uranzutarrena izan baitzen, Orereta auzoa populatzera Oiartzun aldetik joan zen sendia. Oreretako Uranzutarrak ontzigileak izan ziren, baina eraikinari (eta kaleari) Matxin Uranzuk eman zion (edo Matxin Errenteriakoa) izena; itsas kapitaina izan zen bera, eta Bizargorri pirata ezagunarekin borrokatu zuen itsasoan. Etxe barrokoa da, hiru solairukoa, eta bi armarriduna. Balkoi irtenak ditu, simetrikoki kokatuak. 1984an Errenteriako Udalak erosi zuen eta Kultur Etxea da orain.

Balio handiko beste etxe batzuk ere aurki daitezke kale horretan, Iturrizatarrena, esaterako. Kapitanenearen ondoan dago eta, hori bezala, barrokoa da Iturrizaenea ere (XVII. mendekoa). Teilatu hegala nabarmentzekoa da, zurgintza lanarengatik. Kale amaieran ezkerrera egin, eta Santxoenea kaletik jarraitu bidea. Madalen kalera bueltan joanda, eskuinaldean Erdi Aroan itsasoak bustitako etxeak utziko ditu ibilaldia egingo duenak.

Madalen kalera iritsita Jasokundeko Amaren eliz parrokia dago. Egungo tenplua XVI. mendearen eraiki zutenarekin  antza du, nahiz eta ondoren behin baino gehiagotan handitu zuten. Lehenago bazen beste bat; bertan, 1384. urtean, Errenteria eta Oiartzunen arteko ebazpenak sinatu zituzten. Frantsesek 1512.ean eraitsi zuten eliza, eta ondoren berria altxatzea erabaki zuten, euskal gotiko estiloan. Hiribiduko itsasontzien etekinaren erdia elizaren lanak ordaintzeko bideratu zuten, eta hainbat zerga berezi ere ezarri zituzten zeregin horretarako.

Herriko plazako ataria 1625 urtekoa da, eta dorrea XIX. mende bukaerakoa, 1897 urtekoa. Tenpluko altxorra Ama Birjinaren koroatzearen erretaula da. Diotenez, Aragoiko Katalinak Maria Lezori oparitu zion, haren Ohorezko Dama gisa aritu zelako esker onez.

Herriko plazako beste eraikin aipagarria udaletxea da. 1603an eraiki zuten, ez gaur ezagutzen dugun bezala, baizik eta pisu bat gutxiagorekin. Ordura arte herritarrek ez zuten bilerak egiteko beste lekurik —elizan edo etxe pribatuetan egiten zituzten—, eta xede horrekin egin zuten eraikina. Bukatu orduko frantsesek eraitsi zuten, eta berriz ere altxatu behar izan zuten; 30 urte behar izan zituzten horretarako. Urte askoan kartzela egon zen beheko solairuan, erdikoan bulegoak eta udalaren jardunerako aretoak, eta goiko pisuan eskola.

1905ean jarri zituzten bertan alkatetza eta hainbat bulego, lehengo eskolan. Orduan hirugarren solairua gehitu zioten, atezainarentzat. Beheko solairuan lau arkuz osatutako arkupe ederra du, eta lehen pisuan balkoia; horren gainean herriaren armarria. Jatorrizko eraikinak eguzki erlojua mantendu du, garai batean errenteriarren bizitza arautuko zuen bakarra.

Etiketak: , , ,

Berriketan.info

Viewing item 1 to 2 (of 2 items)

RSS Oarso Bidasoko Hitza

  • Erabakitzeko eskubidearen aldeko jarduera sorta, Oiartzunen 2014/04/22
    Oiartzungo Gure Esku Dago herri iniziatibak maiatzaren hasierarako bi jomuga ditu ezarrita: maiatzaren 7an hitzaldia antolatu du, eta hilabete horren 10erako Gure Esku Dago Eguna. Egun honen barrukoak antolatzeko, gainera, hainbat deialdi daude, batez ere egun horretan egingo den Flashmob-ari lotuta. Batetik, maiatzaren 7an hitzaldia antolatu du Gure Esku Da […]
    Oiartzungo Hitza
  • Matienako San Prudentzio txapelketako finalerako sailkatu da EPLE 2014/04/22
    EPLEko I. Jauregi Matienako San Prudentzio txapelketako finalerako sailkatu da, lau t’erdian, eskuz banaka. Final erdietan Azpeitiako Etxaniz garaitu zuen 22-21. Bestalde, Irurtzungo txapelketa, EPLEko I.Jauregi eta A. Aranburuk ezin izan dute aurrera segi, Andoaingo Eskudero Anaien kontra galdu baitzuten 22-21. […]
    Errenteriako Hitza