Jose Manuel Cortizo eta David Carrasco: “Hau bezalako ondare bat ezin da galdu”

2012/11/09
Nork

Jaizkibel Amaharriko kideak Jaizkibelen |a.perez-karkamo|

Jaizkibelgo ondarea ezagutarazteko Jaizkibel Amaharri taldea sortu dute. Cortizo irundarra eta Carrasco errenteriarra dokumentala grabatzen ari dira.

Asier Perez-Karkamo / Hondarribia

Jaizkibel mendiaz “maiteminduta” dauden hainbat lagun eta elkartek osatu dute Jaizkibel Amaharri proiektua, horien artean Jose Manuel Cortizo (Irun, 1959) eta David Carrasco (Donostia, 1988). Lehenengoa Pasaiako portuko langilea da, “natura eta geologiaren zale amorratua”. Bigarrena, kameralaria lanbidez, freelance bezala aritzen da. Jaizkibelek elkartu ditu eta dokumentala grabatzen ari dira mendiak eman diena, mendiari itzultzeko. Dagoeneko trailerra ikus daiteke Interneten.

Nola sortu da Jaizkibel Amaharri?
Jose Manuel Cortizo: Prozesu bat izan da, banakako deskubritze pertsonalen batura bat. Nire kasuan natura, geologia eta abarren zalea naiz, eta denborarekin ezagutu dut Jaizkibel ez dela harria soilik, askoz gehiago dago atzean; itsasertzeko historia geologiko guztia… Beste batzuek beste arrazoiak dituzte mendia maitatzeko: argazkilariak, ekologistak, mendizaleak… Eraiki nahi duten kanpoko kaiak prozesu hori, gu elkartzearena, azkartu egin du. Ondare hau guztia galtzeko arriskuaren aurrean mugitu gara. Hau bezalako ondare bat ezin da galdu. Ez da nahikoa Jaizkibelez gozatzea, inplikatu behar gara eta defendatu, gure sudur puntaren aurrean suntsi ez dezaten.

Horrela sortu da Jaizkibel Amaharri, elur bola handituz joan da eta dagoeneko talde proiektu handi bilakatu da. Argazki liburu bat atera nahi dugu eta parte hartu nahi zuten argazkilarien kopurua mugatu behar izan genuen, gehiegi zirelako.

“Itsas hondoa hain da harrigarria jendeak dokumentala ikustean ez duela sinistuko”

Jaizkibel Amaharrin argazkilariak eta bideo kameralariak ere daude eta horrek atentzioa deitzeko, jendea erakartzeko, lagun dezake…
David Carrasco: Egungo gizartean, jendearengana iristeko modurik eraginkorrena arlo bisualetik da, argazki zein bideoarekin. Proiektuaren atzean askoz gehiago dago, baina hori guztia ezagutarazteko modua ikus-entzunezkoa izatea hautatu dugu, horregatik, eraginkorragoa delako.

Trailerra Interneten jarri bezain pronto bisita asko izan dira, eta internautek proiektua hedatzen lagundu dute…

Carrasco: Bai, gauza da hasieran boom egingo duen pilotakada bat botatzea, jendea harritzeko, jendeak esateko ‘hara, begira hauek zertan ari diren lanean’. Hasteko sare sozialekin hasi ginen, Facebook eta Twitter kontuak eta bloga sortuz. Eta ondoren, dokumentalari buruz zerbait aurreratzeko garaia zela ikusi genuen; ez dago bukatuta, baina aurrerapen bat egiteko adina material bazegoen.

Zer bilatzen duzue dokumentalarekin?
Cortizo: Proiektuaren helburu berbera du dokumentalak, gauden eremu hau babes dezatela eskatzea. Bi proposamen zehatz egiten ditugu: batetik, Euskal Kostaldearen Geoparkea Miarritzeraino zabaltzea, Zumaiako flysch-aren jarraipena delako. Eta, bestetik, Jaizkibel eremuko itsas aldea babestea eskatzen dugu. Berez, lur eremua babestuta dago, Natura 2000 Sarean dago, Komunitateko Intereseko Gunea da (KIG), eta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendatzeko urratsak ematen ari dira. Baina, zer gertatu zen? Bada, nahita edo nahi gabe, itsas eremua babestu gabe utzi zutela, eta itsas eremuak lurreko zatiak bezain beste aberastasun ditu, edo gehiago.

Hori erakutsiko dugu dokumentalean. Jaizkibel pareko itsas hondoa harrigarria da. Koloreak, bizitza, jarraipena duten haitzezko formazioak… Hemen grabatzen ari garen paramudra formazio hauek [elkarrizketa eta argazkiak Higer lurmuturrean egin ziren], 50 metroko sakoneran ageri dira ere, Pasaiako aldean zein Hondarribikoan. Oceana zientzialari elkarteak robotarekin grabatu zituen, baina inoiz ez da egin inmersio zientifiko bat buzoekin, itsas hondoko paramudrak aztertzeko. Dokumentalerako egingo dugu grabazio hori. Hain harrigarria da, jendeak ikusten duenean ez duela sinistuko.

Etiketak: , , , , , , , ,

Orriak 1 2 3

Berriketan.info

Viewing item 1 to 2 (of 2 items)

RSS Oarso Bidasoko Hitza

  • San Markori begira prebentzio lana egiten ari da udala gaztetxoekin 2014/04/23
    Egutegian errotulagailuz markatutako eguna da ostirala askorentzat, San Marko eguna. Eskualdeko festa da, lagunekin ospatu ohi dena, baina familiari lotutako ohitura zahar bat gordetzen duena, opilarena. Festa handia izango da Hondarribian, bereziki Guadalupe aldean. Azken urteetan bezala, udalak kanpaina egingo du San Marko eguneko arriskuak gutxitze aldera […]
    Asier Perez-Karkamo
  • Prebentzio zerbitzu berezia abiatuko du Irungo udalak opila egunean 2014/04/23
    Irungo Udalak jakinarazi duenez, prebentzio zerbitzu berezia martxan jarriko du apirilaren 25ean opila egunarekin. 18 urtetik beherakoek alkohola kontsumitzea ekidin nahi du tokiko gobernuak, eta era horretan beste “ohitura osasungarriagoak” bultzatu nahi dituzte udaletik. Horiek horrela, adingabeei alkohola saltzea debekatuta dagoela ohartarazi die udalak m […]
    Irungo Hitza