Ez, lasai, ez da Sarasua anaien Fauna txiki bat… diskoan aurki daitekeen kanta, hasteko eta behin ez dagoelako halako izendapena duen kantarik. Canis fidelis, Bubo magnipetasi, Ursus tibetanus eta beste hainbat piezarekin osturiko diskoa ez didazue ukatuko euskal kulturaren altxortxoa ez denik. Tira, ukatuko didanari ez diot bronkarik botako…. Altxor nabarmena bai horixe! Baina gatozen harira —nahiz eta nirekin batzuetan kosta egiten den hariari heltzea—. Bufo calamita omen Irungo Osinbiribileko bazterretan han hemenka dabilen satrapio edo inflibioa; apo bat zehazkiago. Apo lasterkaria omen; hori bai, ez dakit anfibioen olinpiadetan urrezko domina pila irabazita eskuratu duen izendapena. Han imajinatzen dut apo lasterkaria, Osinbiribileko bazterretatik jauzika, lokatz eta zomorro artean, dirudienez laster tuneatuko duten inguruan hain zuzen ere. Espero dugu Jose Antonio Santanok aurkeztu berri duen parke horretarako asmoek ez duen apozidiorik sortarazten. Hori bai, baratze ohiez osaturiko paraje haietan baino, garbitasun gehiago aurki omen daiteke alkate irundarrak udaletxean duen habian. Eta ez da nirea baieztapen orijinala, aste honetan irakurritakoaren arabera, udal mandatariak horixe nahi baitu: “Pareta gardenak”. Bada kristalerak jar ditzala hasteko eta behin. Ondoren, politiko dinastikoaren irudia hain begi onez ikusten ez dugunoi kasu egin eta erreleboa eman diezaiola aginte makilari; azkar asko oroitzen dira Venezuelako Chavez urte luzez agintzen ari den norbait erasotzeko, baina norbere burua apo lerden bat baino loriyago ikusten dugunean orduan komeriak. Begirada putzu batetik bestera eramango dut, bestela baliteke apo-turiko alkate baten erasoak pairatzea ene lokamutsetan. Bidasoaldetik Oarsoaldeara, bertan kokatzen den unibertsitatean albiste berdeak izan baititugu. Dirudienez Lezoko hainbat bazterretan (Altamira, Bakarraiztegi eta Jaizkibel) bioaniztasuna hobetu da, aurrera eramandako hainbat ekimenekin. Urmael bat sortzeko asmoa ere agertu [...]
Irakurri gehiago